K2 | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 8.611 m |
Prominentzia | 4.020 m |
Mota | mendi |
Eponimoa | Karakorum bi Henry Haversham Godwin-Austen (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°52′52″N 76°30′48″E / 35.8811°N 76.5133°E |
Honen parte da | Seven Second Summits (en) ultra-prominent peak (en) |
Mendikatea | Baltoro Muztagh |
Estatu burujabe | Txinako Herri Errepublika |
Eskualde autonomo | Xinjiang |
Prefektura | Kashgar prefektura |
Konderri autonomo | Taxkorgan Tajik Autonomous County |
Mendizaletasuna | |
Lehen igoera | 1954ko uztailaren 31an, Lino Lacedelli eta Achille Compagnonik. |
Ohiko bidea | Hego-ekialdeko aurpegia. Abruzzoen murrua. |
K2 mendia, Godwin-Austen mendia, Lambha Pahar, Chogori, Kechu edo Dapsang Karakorum mendikateko mendia da, itsas mailatik gora 8.611 metroraino heltzen den tontorra duena.[1] Munduko mendirik altuenetan bigarrena, Everest (8.849 m.) mendiaren atzetik.[2] Haren tontorrak Txinaren eta Pakistanen artean egiten du muga,[3] mendiaren iparraldea Txinakoa izanik (tajik etniako Taxkorgan konderri autonomoa, Uigur eskualde autonomoa, Xinjiang estatua) eta hegoaldea Pakistangoa (Gilgit-Baltistan eskualdea, Azad Kashmir estatua).[4][5][6]
K2 Mendi Basatia izenez ezaguna egin zen George Bellek —1953ko espedizio estatubatuarreko eskalatzaileak— kazetariei esan zienean: «Zu hiltzen saiatzen den mendi basati bat da».[7] Munduko bost mendirik garaienetatik, K2 da hilgarriena; gutxi gorabehera pertsona bat hiltzen da mendian gailurrera iristen diren lau bakoitzeko.[8] Noizean behin Godwin-Austen mendia bezala ere ezaguna izan da,[9] eta honakoak dira K2-ren beste goitizenak: Mendien erregea eta Mendizaleen mendia eta Mendien mendia,[10] Reinhold Messner italiar eskalatzaile ospetsuak K2ri buruz bere liburuari azken izenburu hori eman ostean.[11]
Tontorra Lino Lacedelli eta Achille Compagnoni eskalatzaile italiarrek lortu zuten lehen aldiz, 1954an Ardito Desiok zuzendutako Italiako espedizioan. Bestalde, 2021eko urtarrilean, K2 neguan gailurra lortutako azken zortzimilakoa bilakatu zen. Mendizaleen balentria Nepalgo eskalatzaile talde batek egin zuen, Nirmal Purja eta Mingma Gyalje Sherpa buru zirela.[12][13]
K2 bere ekialdeko aurpegitik inoiz igo ez den 8.000 metro baino gehiagoko gailur bakarra da.[14] Igoerak uztailean eta abuztuan egin izan dira, normalean urteko garairik beroenak. K2 iparraldean kokatua egoteak, eguraldi txarra eta hotzagoa esan nahi du.[15] Gaur egun, gailurra ia bide guztietatik igo dute.[16] Everesteko gailurra altuera handiagoan dagoen arren, K2ko igoera zailagoa eta arriskutsuagoa da, hein batean eguraldi txarragoagatik. 2021eko otsailera arte, 377 pertsonak baino ez dute amaitu bere gailurrerako igoera, eta saiakeretan 91 hildako izan dira, zortzi milako hildakoen zerrendan agertzen den bezala.[17]