Kalejira

Alboka topaketa (Egilea: Iker Etxebarria Urkaregi)
Alboka topaketa (Egilea: Iker Etxebarria Urkaregi)
Alboka topaketa (Egilea: Iker Etxebarria Urkaregi)
Alboka topaketa (Egilea: Iker Etxebarria Urkaregi)

Kalejira, biribilketa edo karrikadantza, kalez kale musikaren erritmoarekin egiten den ibilbide dantzatua da, gehienbat herriko jaietan, erromerietan eta manifestaldietan egiten dena.

Ohituraz, euskal kulturan kalejirak euskal musika instrumentuekin egin izan dira. Hasiera batean txistu eta danbolinarekin, eta geroago, XIX. mendean eskusoinu txikia (trikiti eta infernuko hauspo izenez ere ezaguna) Euskal Herrira heldu bezain laster, panderoaren eta eskusoinu txikiaren laguntzaz.[1] Euskal folkloreko beste instrumentu batzuekin ere osotu egiten dira biribilketak, albokarekin adibidez. Horrek ez du esan nahi, euskaldunak ez diren beste instrumentuen laguntzaz kalejirarik egin ezin daitekeenik. Izan ere, kalejira bat osatzeko edozein instrumentu izan liteke baliagarri nahiz eta ez den maiz egiten.

Kalejira izena kale eta bira hitzak uztartuz sortua da, kalez kale mugitzeko erabiltzen diren martxak baitira. Bakoitzak bere erritmoari jarraiki batak besteari eskuak emanez, kate luzea sortuz dantzatu ohi da. Bira horietan geldiuneak egiten dira, beste dantza batzuk egiteko, fandangoak eta arin-arinak, edota tragoren bat hartzeko. Hortaz euskal gizartearen harremanak sendotzeko erabilia izan den ohituratzat jo dezakegu biribilketa.[2]

Kalejiraren beste esanahietako bat musikaren metrika eta doinuari erreparatzen diona da. Hain zuzen, hasieran aipatutako ibilbide horietarako erabiltzen den doinuari erreparatzen dio.[2] Musikaren ikuspegitik aztertzen baldin bada, 6/8ko konpasetan idatzita dagoen dantza bat da.

  1. «Euskal musika eta folklorea» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  2. a b Sanchez Ekiza, Karlos. (2019). «Biribilketa - Pasacalles - Kalejira» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne