Karabakh Garaia[1] (armenieraz: Լեռնային Ղարաբաղ, translit.: Leṙnayin Ġarabaġ, azerbaijaneraz: Dağlıq Qarabağ edo Yuxarı Qarabağ, errusieraz: Нагорный Карабах, translit.: Nagornyj Karabah) Azerbaijango errepublikaren barruan dagoen eskualdea da. Karabakh Beherea eta Zangezurren artean dago, Kaukaso Txikiaren hego-ekialdean. Eskualde menditsua da, baso askorekin.
Sobietar garaian, Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barruko Karabakh Garaiko Oblast Autonomoa zen gehiena. Lurraldea Azerbaijango lurren barnean dago gaur egun. 1991tik 2023ra, Azerbaijanek ez zuen botererik izan lurraldean, Armeniaren kontrolpean baitzegoen, Artsakheko Errepublikaren bidez. 1988az geroztik, hiru gerra izan dira bertan, lehena armeniarrek irabazia, bigarrena azerbaijandarrek, eta hirugarrena azerbaijandarrek berriro ere; azken gerra horrekin, Artsakheko Errepublika desegin zen eta Azerbaijanek Karabakh Garaiaren gaineko erabateko kontrola eskuratu zuen.
Eskualdearen mugak ezartzeko, lehengo Karabakh Garaiko Oblast Autonomoaren mugak erabiltzen dira. Horrela, 4.400 km2 ditu, nahiz eta historikoki 8.223 km2 izan zituen. 2023rarte, 138.000 bat pertsona bizi ziren, gehienak armeniar jatorrikoak.