Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude. Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez. |
Karatea edo karate-doa (空手道 karatedō, «esku hutsaren bidea» euskaraz) armarik gabeko borroka-arte japoniar bat da, jatorria Ryukyu uharteetan duena. 1933an sortu zen ofizialki, gaur egun Okinawa izena duen uhartean zeuden borroka-sistemetan oinarrituta. Japonian ezaguna egin zen Gichin Funakoshi eta Kenwa Mabuniri esker, besteak beste. Kirol hori egiten duenari karateka esaten zaio. Olinpiar kirola da, baina 2024ko Parisko joko olinpikoetan ez da egongo.
Karatearen aurrekari ziren borroka-arteak Txinan sortu ziren, eta ehunka urteko praktika eta bilakaeraren ondoren, Okinawako biztanleek —armak debekatuak zituzten— eman zioten behin betiko egitura XVII. mendeaz geroztik. Kirol gisa, 1920. urtearen inguruan arautu zuen Gichin Funakoshi maisuak. 1950ean Mendebalera hedatu zen. Ekialdeko beste borroka motetan bezala, karateak gudu teknika, jarrera eta gizabidezko erritualak biltzen ditu.
Lehiaketako borrokaldiak (kumite) hiru minutukoak dira, nahiz eta epaileek denbora hori agortu baino lehen puntu garbia markatu duena garaile dela erabaki dezaketen. Beste batzuetan, borroka izan beharrean erakustaldia egiten da (kata), alegiazko etsaien aurkako eraso eta defentsa mugimenduak epaitzen dira.