Karta jokoa, karta-sortekin jokatzen den joko oro da. Mahai jokoa da, eta beste joko-elementu batzuk izan baditzake ere, elementu nagusia karta sorta bat edo gehiago izatea du bereizgarri nagusia. Ohar bedi kartak erabiltzen dituzten joko guztiak ez direla karta jokotzat hartzen, zenbait jokotan kartak elementu lagungarria baitira, baina ez mekanikaren oinarria.
Mota askotako karta sortekin joka daiteke, batzuk estandarrak edo erabilera zabalekoak izan daitezke (ingeles kartak, frantziar kartak eta espainiar kartak, adibidez), edo joko zehatz batean aritzeko karta bereziak ere izan daitezke. Normalean, kartaren alde batean haren balio eta ezaugarriak ageri dira, eta atzealdea ordea denek berdina izaten dute, jokalariak eskuan dituelarik besteek kartak ez identifikatzeko moduan. Horregatik, karta joko gehienak "informazio osatugabeko jokoak" dira, hau da, jokalariek ez dute jokoaren egoera osoki ezagutzen partidan zehar (arerioek eskuan dituzten kartak eta mazoetako kartak edota haien ordena ezezagunak izan ohi dira).
Askotan, jokatu aurretik kartak nahasten dira, kasu horietan ausazko jokoen barnean sailkatzen dira.
Zenbait jokoetan puntuak zenbatzen dira (musean adibidez), beste batzutan diru apustuak ere burutzen dira (pokerrean, adibidez).
Karta jokoak arau zehatz batzuen arabera jokatzen dira, baina joko tradizionalen kasuan ohikoa da arau horiek tokiko aldaerak izatea.