Katu | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Felidae |
Generoa | Felis |
Espeziea | Felis catus Linneaus, 1758
|
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 64 egun |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | cat dander (en) |
Bizi itxaropena | 22 urte |
Bihotz-frekuentzia | 125 |
Haginkadaren indarra | 58 |
Entzumen frekuentzia | 45 hertz — 64.000 hertz |
Eguneko zikloa | gaueko |
Gaixotasuna | katuei alergia |
Katua edo etxe-katua (Felis catus[1] edo, batzuetan, Felis silvestris catus) animalia haragijale txiki, gehienetan iletsu eta etxekotua da. Karniboro ordenaren barruan Felidae familian sailkatzen da. Beste felido batzuek ere katu izena izaten dutenez, askotan etxe katua bereizteko erabiltzen da, nahiz eta basakatua eta hura desberdinak izan. Beharrik ez dagoenean, katu hitza soilik nahikoa izaten da. Katuak oso erabiliak dira konpainia emateko gizakiei eta saguak zein beste animalia ez gogoko batzuk ehizatzeko duten gaitasunagatik. Katuak gizakiekin bizi dira gutxienez orain dela 9.500 urtetik[2] eta gaur egun konpainia-animalia hedatuena da.[3] Gizakiekin batera bizi direnez, mundu zabalean ia edonon daude.
Anatomiari dagokionez, katuak beste felidoen oso antzekoak dira, gorputz indartsu eta malguarekin, erreflexu handiekin, atzapar luze eta erretraktilak eta animalia txikiak ehizatzeko gaitasuna ematen dioten hortzeriarekin. Egunsentitarrak dira ehizarako garaian eta horregatik oso entzumen ona dute eta ia iluntasunean ikusteko gaitasuna dute. Katuek gizakiek antzeman ezin ditzaketen hainbat soinu entzun ahal dituzte, bai bolumenean bai eta maiztasun garaiagoetan. Katuek ehizatzen dituzten animaliek, askotan karraskariak, frekuentzia altuko soinuak egiten dituzte eta eboluzioan zehar gaitasun hori garatu dute. Usaimena ere gizakiena baino hobea da.
Ehiztari bakartiak dira, eta beren komunikazioan bokalizazio ezberdinak zein feromonak sartzen dira; gainera, gorputz-hizkuntza berezia dute.[4] Bestalde, azkar ugaltzen dira. Ugaltzea kontrolatua bada, pedigria izan dezakete, eta erakusketak antolatzen dira. Etxeetatik alde egindakoek nahiz alde batera utzitakoek sasiko katuak ugaritzea ekarri du. Kontuan hartu behar da horiek eta basakatua ez direla espezie bera. Ameriketako Estatu Batuetan 60 milioi sasiko katu daudela jotzen da.[5]
Etxe-katuen portaera ez da soziala, parasoziala baizik. Felido sozial bakarra lehoia da; gainerako felido guztiak bakartiak dira, eta ugaltzeko baizik ez dira elkartzen; halaber, amek umeak hazten dituzten bitartean.Gizakiek eskaintzen dizkieten kondizio seguruek eragiten dute batzuek normaltzat duten gremialismo hori: ematen zaien babesak eta, bereziki, jan ugariak. Bizitza askeak eragiten duen estresa erlaxatuta, espeziekideen presentzia hurkoa aiseago eramaten dute etxe-katuek. Baina kontzentrazio artifizial horien eraginez, katu-kolonietan beste inon baino askoz ere sarriago pairatzen dituzte gaixotasun kutsakorrak, eta borrokak eta borrokek eragindako zauriak ere inon baino maizago izaten dira kolonietan.
'Kolonia' terminoa bera ere, beraz, oso eztabaidagarria da heien kasuan, ez baitaude berez; aitzitik, giza jarduerek sortuak dira.
Kultu animaliak izan ziren Antzinako Egipton eta horregatik uste da bertan izan zirela etxekotuak lehen aldiz.[6] 2004an gizakien eta katuen arteko harremana orain dela 9.500 urtera eraman zen, Zipreko ume baten hilobian katakume bat aurkitu zutenean.[7][8] Gaur egun Zipren ez dago Felis silvestrisik. 2007an egindako ikerketa genetiko batek adierazi zuen Felis silvestris lybicaren bost emerengandik sortu direla egungo katu guztiak, K. a. 8. milurtekoan, Ekialde Hurbilean.[6]