Kenneth Loach, Ken Loach izenarekin ezagutua, (Nuneaton, Warwickshire, 1936ko ekainaren 17a) ingeles zinema zuzendaria da. Bere lanak estilo errealista batean gai sozialak aipatzen dituztelako ezagun egin dira. 1999an The British Film Institutek XX. mendeko filma hoberenak izendatzeko galdetegi bat antolatu zuelarik, Kes, berak zuzendutako filma, zazpigarren atera zen.[1]
Bere zinemaren ardatz garrantzitsuena Erresuma batuaren egoera soziala da, perspektiba ezkertiar batetik aztertua. Hala nola familia, politika publikoen eraginak, gatazka sozialak, lan eskubideendako borrokak edo momentu historikoak aipatu ohi izan ditu. Bere filmen aspektu militanteak eta bere iritzi pertsonalek maiz polemika sortu dute.[2]
Dena dela eztabaidek ez dute ezertan bere lanaren ezagupena ezeztatu. Esan ere 2006 eta 2016an Canneseko urrezko palma prestigiatsua irabazi zuen, lehenik The wind that shakes the barleyrentzat, eta hamar urte berantago I, Daniel Blake obrarentzat. Festibalaren historian soilik bederatzi dira bitan saritatuak izan diren zinegileak, hots, Francis Ford Coppola, Shōhei Imamura, Emir Kusturica, Bille August, Dardenne anaiak, Michael Haneke eta Ruben Östlund.[3] Orotara, 13 selekzioren gain, zazpi sari lortu ditu: bi urrezko palma, hiru epaiaren sari (Hidden agenda, Raining Stones, The Angel's share), gizon interpretazio sari bat ( Peter Mullanentzat My Name Is Joen) eta gidoiaren saria (Paul Lavertyrentzat Sweet Sixteenekin).