Kevin Michael Costner (Lynwood, Kalifornia, 1955eko urtarrilaren 18a -) Estatu Batuetako zinema zuzendari, aktore eta ekoizlea da.
Oso gogorrak suertatu zitzaizkion Costnerri estreinako urteak. Izan ere, aktore bihurtu nahian, kasualitatezko elkarrizketan, Richard Burton aktoreak ohartarazi zion Costnerri aktorea izateko gainerako guztia alde batera uzteko eta ametsari bi eskuekin eusteko. Hala egin zuen, zeren arrantzalea eta kamioilaria izan zen Costner audizioak egiten ari zen bitartean.
1985an Silverado filman antzeztu zuen. 1987an Brian De Palmaren The Untouchables filmeko protagonista izan zen.
Ahaleginak merezi zuen 1990eko hamarkadan film arrakastatsuenetakoetan parte hartu baitzuen. Hasteko, Dances With Wolves filmean protagonista, zuzendaria eta bi ekoizleetako bat izan zen Costner. Filmak Oscarrerako 12 izendapen eskuratu zituen eta 7 irabazi, haien artean film onenarena eta zuzendari onenarena. Hurrengo urteetan Robin Hood: Prince of Thieves, Oliver Stoneek zuzendutako JFK eta The Bodyguard protagonista aritu zen, eta denak oso arrakastatsuak izan ziren zinematokietan.
Hala ere, azken urteotan Costnerren ibilaldia gainbehera dabil. Waterworld eta The Postman filmek kritika hotzak jaso zituzten. Thirteen Days eta Open Range film berriagoek kritika hobexeak jaso arren, ez dute arrakasta handirik lortu diruaren aldetik.