Kim Il-sung edo Kim Il Sung (Mangyongdae, Piongiang, Japoniar Korea, 1912ko apirilaren 15a - Piongiang, 1994ko uztailaren 8a) Ipar Koreako buruzagi komunista izan zen. Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren lehendakaria izan zen 1948tik 1994 arte.
Hil zen arte, Ipar Korea estalinismoaren azken gotorlekua izan zen. Programa nuklear bat antolatu zuen isilpean, beste zenbait neurri hartzeaz gainera, Hego Korea mehatxatzeko eta hango gobernua kolokoan jartzeko asmoz. Haren agintaldian, Ipar Koreako gizartea, arautua, doktrinatua eta kontrolatua egon zen. Ekonomia, erabat planifikatua, krisian sartu zen bera hil baino pixka bat lehenago. Hil aurretik bere semea, Kim Jong-il, izendatu zuten oinordeko.[1] Aitzindari Handia izena ematen zaio egungo Ipar Korean eta, konstituzioaren arabera, Betirako Presidentea da. Haren urtebetetze eta heriotzaren egunak jaiegun ofizialak dira. Halaber, herrialdean jutxe egutegia erabiltzen da, haren jaiotzarekin hasten dena. Izan ere, hark sortu zuen Jutxe ideia, Ipar Koreako doktrina politiko ofiziala.