Klima-aldaketa garaikideak beroketa globala eta Lurraren eredu meteorologikoetan dituen eraginak barne hartzen ditu. Klima-aldaketaren aurreko aldiak egon dira, baina egungo aldaketak askoz azkarragoak dira eta ez dira kausa naturalen ondorio[1][2]. Horien ordez, berotegi-efektuko gasen isurketek eragiten dituzte, batez ere karbono dioxidoak (CO2) eta metanoak. Energia ekoizteko erregai fosilak erretzeak sortzen ditu isuri horietako gehienak. Nekazaritza-jarduera batzuk, industria-prozesuak eta basoen galera iturri gehigarriak dira[3]. Berotegi-efektuko gasak gardenak dira eguzkiaren argitan, eta horrek Lurraren gainazala berotzeko aukera ematen du. Lurrak bero hori erradiazio infragorri moduan igortzen duenean, gasek xurgatu egiten dute, beroa lurrazaletik gertu harrapatuta eta berotze globala eraginez.
Klima-aldaketaren ondorioz, basamortuak hedatzen ari dira, eta bero-boladak eta baso-suteak gero eta ohikoagoak dira[1]. Artikoko beroketaren gorakadak permafrosta urtzen, glaziarrek atzera egiten eta itsas izotza galtzen lagundu du. Tenperaturen gorakadak ekaitz bortitzagoak, lehorteak eta muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuk ere eragiten ditu[3]. Mendietako, koralezko arrezifeetako eta Artikoko klima-aldaketa azkarrak espezie asko birkokatzera edo desagertzera daramatza[4]. Klima-aldaketak pertsonak mehatxatzen ditu elikagaien eta uraren eskasiarekin, uholdeen gorakadarekin, muturreko beroarekin, gaixotasunen gehikuntzarekin eta galera ekonomikoekin. Giza migrazioa eta gatazkak ere ondorio izan daitezke[5][6]. Munduko Osasun Erakundeak uste du klima-aldaketa munduko osasunarentzako mehatxurik handiena dela XXI. mendean[7]. Etorkizuneko beroketa minimizatzeko ahaleginek arrakasta badute ere, zenbait efektuk mendez mende jarraituko dute. Horien artean, itsas mailaren igoera eta ozeano beroago eta azidoagoak[8].
Inpaktu horietako asko 1,5 °C-ko egungo berotze-mailarekin hautematen dira. Berotze gehigarriak areagotu egingo ditu inpaktu horiek, eta inflexio-puntuak eragin ditzake, Groenlandiako izotz-geruzaren urtzea, esaterako[9]. 2015eko Parisko Akordioan, hainbat estatu burujabek kolektiboki erabaki zuten beroketa "2 °C-tik oso behera" mantentzea. Hala ere, Akordioaren esparruan egindako promesekin, beroketa globala oraindik gutxienez 2,7 °C-ra iritsiko litzateke mende amaierarako[10]. Berotzea 1,5 °C-ra mugatzeko, orduan esan zen beharrezkoa izango zela 2030a baino lehen isuriak erdira murriztea eta 2050erako isuriak nuluak izatea lortzea[11][12], baina 2024an dagoeneko munduak gainditu zuen 1,5 ºC-ko tenperatura igoeraren langa.[13]
Klima aldaketa eragiten duten karbono isuri gehienak pertsona aberatsenek egiten dituzte: 2025eko lehen hamar egunean, munduko % aberatsenek dagoeneko gainditu zuten urte osoko isurien kuota. Munduko populazioaren ia erdiak baino bi aldiz gehiago kutsatzen du aberastasun gehien pilatzen duen % 1ak. Zehazki, munduko aberatsenen %1ak urtean 76 tona CO2 isurtzen ditu, hau da, munduko emisioen % 16 –2019ko datuak–, eta, 3.900 pertsonek, munduko herritarren % 48 izanagatik ere, isuri guztien % 7,7 egiten dituzte. Munduko aberatsenek hamar egunean isuri zuten kantitatera heltzeko, ia hiru urte beharko lituzke munduko aberastasunaren eskalan erditik behera dagoen herritar batek.[14]
Emisioak modu drastikoan murrizteko, Mendebaldeko gobernuek erabaki dute erregai fosilak erretzeari uztea, eta karbono gutxiago isurtzen duten iturrietatik sortutako elektrizitatea erabiltzea. Horren barruan sartzen dira ikatzezko zentral elektrikoak pixkanaka kentzea, energia eolikoaren, eguzki-energiaren eta beste energia berriztagarri batzuen erabilera handitzea, eta energiaren erabilera murrizteko neurriak hartzea. Gobernu horien plangintzak dio Elektrizitateak erregai fosilak ordezkatu beharko dituela, garraioa elikatzeko, eraikinak berotzeko eta industria-instalazioak funtzionarazteko[15]. Karbonoa atmosferatik kentzen ere saiatu nahi dute, adibidez, baso-estalkia handituz eta lurzoruko karbonoa harrapatzen duten metodoekin landuz. Komunitateak klima-aldaketara egokitu daitezkeen arren, kostaldeak hobeto babesteko ahaleginen bidez, ezin dute saihestu inpaktu larriak, orokorrak eta iraunkorrak izateko arriskua[7].