Kolore(en) ikusmena uhin luzera ezberdinez osaturiko argiaren desberdintasunak hautemateko ahalmena da, argi-intentsitatea gorabehera[1][2][3]
Kolorearen nozioa giza ikusmenaren araberakoa da; izan ere, daltonismoaren kasuan izan ezik, 400 eta 700 nanometro arteko erradiazio elektromagnetikoa hautematen baitu, erretinako hiru fotohartzaile motatan oinarritutako prozesu kognitibo baten bidez. Gizakiek objektuaren ezaugarritzat jotzen dute kolorea, objektu horretatik jasotzen duten erradiazioa ingurunearekiko interpretatuz. Ezaugarri horrek esan nahi du ikusmen-sistema gai dela objektutik jasotzen duen argia ebaluatzeko, ingurunetik jasotzen duenari erreferentzia eginez.
Begiaren hondoan milioika zelula daude ingurunetik datozen uhin-luzerak hautematen espezializatuak. Zelula horiek, batez ere kono eta makilek, eguzki-argiaren espektroko elementuak biltzen dituzte, eta bulkada elektriko bihurtzen; ondoren, garunera bidaltzen dituzte nerbio optikoen bidez. Garunak (zehazki ikusmen kortexa, lobulu okzipitalean dagoena) koloreen ikusmena ahalbidetzen du.
Animaliak ere gai dira koloreak ikusteko. Dituzten fotohartzaile-mota kopuruaren arabera, biologoek honela sailkatzen dituzte: monokromatikoak (1), dikromatikoak (2), trikromatikoak (3) eta tetrakromatikoak (4).