Komikiaren historia azaltzea konplexua da, berez komikia zer den araberakoa. Irudi bidez kontatzeko sena gizadiak hasiera-hasieratik izan badu ere, eta askok historiaurreko leizeetako irudiak eta geroztikako irudi-segida guztiak hartzen baditu ere komikigintzaren aitzindaritzat, adituek hiru irizpide aipatzen dituzte komikia definitzeko : sekuentzia edo irudien segida ordenatu bat izatea, testuaren eta irudiaren arteko harremana, eta baliabide teknikoen bidez obra kopuru handietan kopiatu eta zabaldu ahal izateko gaitasuna.