Konstruktibismo (pedagogia)

Jean Piaget, konstruktibismoaren erreferente nagusia.
Lev Vigotski konstruktibismoaren erreferentea.
Maria Montessori konstruktibismoan oinarritzen zen pedagogo klasikoetako bat.

Pedagogian, konstruktibismoa ikaskuntza-prozesuaren garapena azaltzen duen teoria bat da, euskaraz ikuspegi eraikitzailea ere deitua. Teoria honen arabera, ikaslea bera da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena, aurreko jakintza eta trebezietan oinarrituta, elementu berriak eskema orokorragoetan txertatuz. Horrela, konstruktibismoa hauek izanik ikaskuntza egoki baten gakoak: ikaskuntza adierazgarria, ikaslearentzat esanguratsuak diren edukiak, ikasgai berriak aurrekoekin modu egokian integratu behar baitira; ikasgaiaren erabilgarritasuna eta ulergarritasuna.

Ikaskuntza prozesu aktibo eta indibidual moduan ere eratzen du, ikaslea baita bere ikaskuntzaren protagonista, ikasgaiak bere bizitza-esperientziarekin lotuz. Alde horretatik, ikastea barne-prozesu bat da, kanpotik baino ikasle bakoitzaren barnetik zuzendu beharrekoa. Horrela, irakaslearen eginkizun nagusia ikaslea bera ezagutzea da, ikasi beharrekoa ahalik eta egokien barnera dezan.

Konstruktibismoaren funtsezko irudi gisa Jean Piaget eta Lev Vigotski nabarmentzen dira. Jean Piagetek ezagutza nola eraikitzen den aztertu zuen, ingurunearekiko elkarreraginetik abiatuta. Aitzitik, Lev Vigotskik gizarte inguruneak barne berreraikuntza nola ahalbidetzen duen aztertu zuen.

Konstruktibisten ustez, ikaskuntzaren instrukzioa jokabide-psikologiaren aplikazioetatik sortzen da, non ezagutzaren irakaskuntza programatzeko jokabide-mekanismoak zehazten diren.

Jean Piaget filosofo eta psikologoa bere lanak, XX. mendearen erdialdean osatu zituen epistemologia genetikoaren teorian oinarrituz. Geroztik, hezkuntza ofizialaren paradigma bilakatu da. Egun bestelako ekarpenekin uztartu badira ere (ikaskuntza dialogikoarekin, esate baterako).

Ikuspegi eraikitzaile honen arabera ikasleak bere aurre-ezagutzak ingurukoei komunikatzeaz gainera, ezagutza horiek behin eta berriro alderatu ere alderatu egiten ditu. Partekatze lan horrek askotan gatazka kognitiboak sortuko ditu ikaslearengan, eta ikaslearen egitura kognitiboan piztuko diren desoreka horiek eramango dute ezagutza eraikitzera.

Ezagutza sortzeko, jarduera mentalak beharrezko izango du ingurune soziala. Inguru sozial horretan ezinbestekoa izango da aldamiatzea eraikitzeko prozesua. Aldamiatze horrek Lev Vigotskik sortu eta garatutako Garapen Hurbileko Eremuan eragingo du. Lev Vigotskiren GHEa pertsona batek bere kabuz egin dezakeenaren eta esperientzia gehiago duen norbaiten laguntzaz egin dezakeenaren arteko aldea da. Alde horretatik, edozein hezkuntza sistemaren helburu nagusia izan beharko luke laguntza hori ematea.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne