Kontsumismoa beharrezkoa denaz gainera gero eta produktu eta zerbitzu gehiagoren kontsumoa bultzatzen duen gizarte-jarrera eta gizabanakoengan duen ondorioa da. Oro har, kontsumismo terminoa modu gaitzesgarrian erabiltzen da, eta pertsona baten neurriz kanpoko kontsumoa adierazteko erabiltzen da, behar ez diren eta finean asebetetzen ez duten produktuak erosiz. Terminoa gizartean gertatzen den gehiegizko kontsumoak ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak nabarmentzeko ere erabiltzen da.
Beste alde batetik, kontsumismoa kapitalismoaren baitako kontsumo-gizartearen ondorioa da eta publizitatea, moda eta beste mekanismo sozial zenbaitek indartzen dute. Hori gainditzeko, kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza, trukea eta beste zenbait ekimen daude.
80. hamarkadaren hasieratik aurrera, herrialde garatuetako kontsumoa izugarri hazi zen. Neurririk gabe gastatu beharra obsezio bilakatu zen askorentzat.
Laburbilduz, kontsumoaren ondorioak hauek dira:
Enpresak gehiago arduratzen dira kontsumitzera bultzatzeko antsietatea sortzeaz, produktuen kalitateaz baino.
XXI. mendeko gaixotasunen artean, erosketekiko mendekotasuna dago. Horren arrazoiak pozik ez egotea, kontsumismoa, materialismoa, eta asisialdia eta denbora librea kudeatzeko gaitasunik ez izatea dira. Sintomak, berriz, hauek dira: armairu beteak, zorrak eta nork bere burua zuritzeko aitzakiak. Mendekotasuna duenaren ohiko profila hau da: pertsona langilea, independentea eta, gehienetan, bere bizitza afektiboarekin gustura ez dagoena; aisialdiko orduak merkataritza-gune handietan ematen ditu, astean bi, gutxienez.