![]() Donostia, Euskal Herria 2024ko Kontxako Banderako txapeldunak: ![]() ![]() | |
![]() 1933ko estropadako une bat. | |
Kirola | Arrauna |
---|---|
Sorrera urtea | 1879 |
Partehartzaileak | TKE Ligako klub guztiak eta KAE Liga eta Galiziako Traineruen Ligako klub onenak gonbidatuak daude |
Antolatzailea | Donostiako Udala |
Errekorrak | Gizonezkoak: 18:53.52 (Bermeo, 2017) 38:04.76 (Bermeo, 2014) Emakumezkoak: 10:23.32 (Arraun Lag, 2023) 21:01.14 (Arraun Lag, 2023) |
Saria | Kontxako Bandera |
![]() | |
Kontxako Banderaren webgunea |
Kontxako Bandera Donostiako Kontxako badiatik abiatuta jokatzen den estropada ospetsua da. 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz eta, horrela, egun Bizkaiko golkoko estropada zaharrena da. 128 edizio izan ditu gizonezkoetan (2023 artean), eta guztira 741 traineru lehiatu dira bertan historian zehar. Emakumezkoetan 16 edizio izan ditu (2023 artean).
Arraunaren Olinpiada ezizena jaso ohi du, estropada denetan ospetsuenetakoa baita. Izena traineru irabazleak garaikur moduan jasotzen duen Donostiako bandera handi brodatutik dator. Iraileko lehen bi asteburuetan jokatzen da, zortzi traineruren artean; lehen igandearen aurreko ostegunean, erlojuaren aurkako sailkapen estropada bat egiten da, zortzi horiek zehazteko.
Estropada ikusi eta euren traineruak animatzeko, hirira 100.000 pertsona inguru bertaratzen dira[1] eta Kantauri itsasoko kostaldeko milaka jarraitzaile Donostiako kaian, Pasealeku Berria, Santa Klara uhartea, Urgull eta Igeldo mendien magaletan biltzen dira, horietako asko beren traineruen kolorez jantzita. Bestalde, egun horretan kalean nahiz tabernetan artekariak eta apustulariak ere izan ohi dira. Estropadaren ondoren, Donostiako Parte Zaharrean jai giroan biltzen dira jarraitzaile guztiak.
2008tik aurrera, emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da. Hasieran lau traineru aritzen ziren, eta, 2016tik aurrera, zortzi ontziren artean jokatzen da bandera, gizonezkoen kasuan bezala.