Artikulu sail baten zatia |
Mekanika kuantikoa |
---|
Kopenhageko interpretazioa mekanika kuantikoaren inguruko ikuspuntu multzoa da, Niels Bohr, Werner Heisenberg, Max Born eta beste hainbaten lanetan oinarritutakoa.[1] “Kopenhage” hitzak Danimarkako hiriari erreferentzia egiten dion bitartean, “interpretazio” hitza Heisenbergek erabili zuen 1950eko hamarkadan, 1925 eta 1927 artean garatutako ideiei erreferentzia egiteko[2]. Honela, mekanika kuantikoa ulertu eta logikoki azaltzeko sortu ziren interpretazioetako bat da Kopenhagekoa, eta denen artean onartuena izan arren, barne hartzen dituen ideiak ez daude guztiz finkatuta.
Dena den, Kopenhageko interpretazioaren bertsioek hainbat puntutan egiten dute bat. Esaterako, denek onartzen dute mekanika kuantikoa ziurgabea dela, eta Bornen arauei jarraituz kalkulatzen diren probabilitateak ardatz dituela. Osagarritasun-printzipioa ere orokorki onartzen da, zeinaren arabera, aldi berean neurtu ezin diren ezaugarri osagarriak existitzen diren. Gainera, behatu eta neurtzea atzera bueltarik gabeko ekintzak dira, eta objektu bati ezin zaio egiarik egotzi neurketen emaitzez gain. Bestalde, deskribapen kuantikoak objektibotzat jotzen dira, ez baitute fisikarien iritzi pertsonalen edo faktore arbitrarioen eraginik.[3]
Edozein kasutan, hainbat desadostasun sortu dira Kopenhageko interpretazioaren inguruan azken mendean. Esaterako, “neurketen” eta “behaketen” izaera zehaztugabea eta neurketa-tresnak definitzeko zailtasuna kritiken jomuga izan dira. Halaber, eztabaidagai larria izan da tresna horiek deskribatzeko garaian mekanika klasikoak duen pisua . Hala eta guztiz ere, interpretazio hau izan da mekanika kuantikoa erakusteko ardatz nagusia.[4]