Koreako Gerra (Hego Korean Hangul: 한국전쟁; Hanja: 韓國戰爭; RR: Hanguk Jeonjaeng, euskaraz: «Koreako Gerra»; Ipar Korean Hangul: 조국해방전쟁; Hanja: 祖國解放戰爭; RR: Choguk haebang chǒnjaeng, euskaraz: «Aberriaren Askapenerako Gerra») Ipar Korea eta Hego Korearen arteko gatazka armatua izan zen, 1950eko uztailaren 25ean hasi 1953ko uztailaren 27an amaitu zena. Ipar Koreak Sobietar Batasunaren eta Txinaren laguntza militarra izan zuen, eta Hego Koreak Australia, Kanada, Erresuma Batua eta Estatu Batuena. Hori dela eta, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko guda ez ofizialtzat har daiteke.
Gerra Hotzaren une txarreneko tentsio egoera bizi-bizian gertaturiko gatazka honek agerian jarri zuen edozein tokitako borrokak mundu mailako gerra batera eraman zezakeela. Baina, aldi berean, garbi erakutsi zuen, Ekialde Urrunean ere, Estatu Batuak guztiz deliberaturik zeudela txinatarren eta sobietarren hedapena galaraztera. Europan “altzairuzko oihal” batek komunistak eta kapitalistak banatzen bazituen, “banbuzko hesi” batek bereizten zituen Asia aldean; Europan bi Alemania baziren, Ekialde Urrunean bi Txina, bi Korea eta bi Vietnam izango ziren aurki.