Kredoa (latinez: credo sinesten dut), konfesioa, sinboloa edo fede-aitormen erlijio-erkidego batek partekatzen dituen sinismen erkideen multzoaren laburpen formula bat da. Kristautasunaren kasuan, fede hori biltzeko erabiltzen duten formularen izena da.[1]
Gehien erabiltzen den kredoa Kristautasunaren barruko Nizear kredoa da, 325. urtean Nizeako I. Kontzilioan formulatua. Kristautasunak Ebanjelioak, Itun Berria eta, maila txikiagoan, Itun Zaharra ulertzeko zuen moduaren laburpena izan zen. Kredo honetako afirmazioak Hirutasuna deskribatzen du, eta kristau-sinesbide gehienentzat ortodoxiaren frogatzat hartzen den testua da. Apostoluen kredoa ere orokorki onartua dago. Kristau-sinesbide batzuek eta beste talde batzuek kredo horien autoritateari uko egiten diote.