Kreolera

Kreolera edo kreole hizkuntza bi hizkuntza edo gehiagoren arteko nahasketatik eratorritako aldaera egonkorra da. Kreole hizkuntzei lexikoan sarritan igartzen zaizkie jatorrizko hizkuntzetatik gertatutako aldaketa fonetikoak. Morfosintaxiari dagokionez, aditu batzuek uste dute kreolerak euren artean ezaugarri amankomunak dituztela, nahiz eta horren inguruan erabateko adostasunik ez egon.

Kreolerak pidginetik eratorriak dira: pidgina, funtsean, hizkuntza-komunitate desberdinek elkar ulertzeko darabilten komunikazio-tresna sinplea da; urteen joan-etorrian hizkuntza oso bilakatu eta belaunaldi berrien ama-hizkuntza izatera igarotzen denean, pidgina kreole hizkuntza bihurtzen da.

Gehienak kolonialismoaren ondorioz sortu dira azken 500 urteotan. Urteen joan-etorrian batzuk itzali diren arren, beste batzuek sendotu eta estatu batzuetan estatus ofiziala ere bereganatu dute.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne