Kriptografia asimetriko

BiGakoak

Kriptografia asimetrikoa deritzo bi gako desberdin behar dituen sistema kriptografikoari, bat ezkutua eta bestea publikoa. Nahiz eta bi gakoak desberdinak diren, matematikoki elkarlotuta daude. Gakoetako batek informazioa zifratzen du eta besteak, deszifratu. Gako bakar batek ezin ditu biak batera egin. Gako publikoa argitara eman daiteke inolako segurtasun arazorik sortu gabe. Bestalde, gako ezkutua ezin zaio mezuak irakurri ezin ditzakeen inori erakutsi.

Kriptografia asimetrikoak algoritmo asimetrikoak erabiltzen ditu. Algoritmo hauek erlazio matematikoetan oinarrituta daude. Nahiz eta erraza den konputazionalki gako publiko eta ezkutuak sortzea, gako ezkutuak erabiliz mezuak deszifratzea eta gako publikoak erabiliz mezuak zifratzea, oso zaila da, gako publiko batetik abiatuta, gako ezkutua zein den asmatzea. Hori dela eta, algoritmo simetrikoek ez bezala, ez dute hasieran inolako gako ezkutuen trukerik egin beharrik. Gainera, algoritmo hauen bitartez, kautotasuna bermatzen da, mezu bakoitzean, igorlearen gako ezkutuaren bidez, sinadura digitala sortuz. Sinadura hau, hartzaileak egiaztatuko du igorlearen gako publikoarekin. Orokorrean, mezuaren hash bat zifratzen da sinadura moduan.

Kriptografia asimetrikoa asko erabiltzen da. Interneteko zenbait estandarren oinarrian dago, hala nola, Transport Layer Security (TLS), PGP eta GPG. Hiru gako publiko sistema mota nagusi daude: gako publikoen hedapen sistemak, sinadura digitalen sistema eta gako publikoen kriptosistemak, azken honek gako publikoen banaketa eta sinadura digitalen zerbitzua eskaintzen ditu. Diffie-Hellman-en gako trukea da gako publikoak zabaltzeko gehien erabiltzen dena; sinadura digitalentzako, ordea, Digital Signature Algorithm. Zifratze sistema asimetriko batean, edonork zifra ditzake mezuak gako publikoa erabiliz, baina honen bikotea den gako ezkutuaren jabeak bakarrik deszifra dezake. Segurtasuna gako ezkutuaren sekretutasunaren araberakoa da, baina baita erabilitako algoritmoaren eta erabilitako gakoaren kalitatearen araberakoa ere.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne