Kupido | |
---|---|
Erromatar mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Baliokideak | Eros |
Familia | |
Aita | Merkurio eta Marte |
Ama | Venus eta Diana |
Mitologia klasikoan, Kupido[1] (latinez: Cupīdō [kʊˈpiːdoː], «desira» euskaraz) desiraren, amodio erotikoaren, erakarpenaren eta maitasunaren jainkoa da. Sarritan, Venus maitasunaren jainkosaren eta Marte gerraren jainkoaren seme gisa irudikatua da. Latinez Amor («Amodioa») bezala ere ezagutzen da. Bere baliokide greziarra Eros da.[2] Eros, greziar arte klasikoan, oro har, gazte argal eta hegodun moduan erretratatu zuten arren, garai helenistikoan, gero eta gehiago, haur lodikote gisa erretratatu zuten. Garai horretan, Kupidoren ikonografiak bere boterearen iturria irudikatzen duten arkua eta gezia bereganatu zituen: Kupidoren geziak pertsona bat edo, are, jainko bat harrapatzen duenean, kontrolatu ezineko desira batez betetzen du. Mitoetan garrantzi gutxiko pertsonaia da Kupido, eta trama martxan jartzeko balio du batez ere. Kupido eta Psikeren mitoan baino ez da pertsonaia nagusia, bere armek zaurituta amodioaren oinazea jasaten baitu Kupidok. Berari buruzko beste istorio luzerik kontatzen ez den arren, gai poetiko eta agertoki bisual askotako motibo da, hala nola den «Orori garaitzen zaio Maitasuna» lanean eta Kupidoren zigorra edo tortura errepresalian.
Artean, Kupido sarri agertzen da Amores (edo amorini, artearen historiako terminologia berriagoaren arabera) deituriko forma anitzetan, eta horiek greziar eroteen baliokideak dira. Kupidoak ohiko motiboa dira erromatar artean eta tradizio klasikoaren ondorengo mendebaldeko artean. XV. mendean, Kupidoren ikonografia eta puttoa bereizezinak izaten hasi ziren.
Kupidok pertsonaia ezaguna izaten jarraitu zuen Erdi Aroan. Izan ere, kristautasunaren eraginez, sarri izaera bikoitza zuen, zeruko nahiz lurreko amodioa irudikatzen baitzuen. Pizkundean, filosofia klasikoarekiko interes berritu batek esanahi alegoriko konplexuz hornitu zuen. Gaur egungo herri kulturan, amodio erromantikoa inspiratzeko bere arkua tenkatzen agertzen da Kupido, askotan San Valentin eguneko ikono gisa.[3]