La Canadencaren greba (katalanez: Vaga de La Canadenca; gaztelaniaz: Huelga de la Canadiense) Barcelona Traction, Light and Power Company enpresako[1] Riegos y fuerzas del Ebro faktorian 1919ko otsailaren 5ean hasi zen greba orokor bat izan zen. Enpresari Kanadiarra izena ematen zitzaion, bere akzionista nagusia Canadian Bank of Commerce of Toronto zelako. Greba otsailaren 5ean hasi zen, baina 44 egunez luzatu zen, greba orokor bilakatuz. Bartzelona osoa eta Kataluniako industriaren %70 gelditzea lortu zuen[2].
Kataluniako eta Espainiako langile mugimenduaren gertakaririk arrakastatsuenen artean dago[3], eta CNT sindikatuaren garaipena izan zen. Greba amaituta soldatak hobetzea lortu zen, kaleratutako langileak berriro kontratatzea eta greban atxilotutako milaka langileren askatasuna. Baina gertakaririk garrantzitsuena zortzi orduko lanaldia erregulatzen zuen dekretua ezartzea izan zen. Askotan esan da Espainia izan zela munduan lehen herrialdea langileen eskubide hau legez onartzen zuena[4][5], baina ez da horrela.