Land art edo earthwork-a arte garaikidearen korronte bat da, paisaia eta artelana lotuta daude bertan. Naturan dauden elementuak material gisa erabiltzen dira: zura, lurra, harriak, harea, haizea, arrokak, sua, ura, etab. Artelana naturan sortzen da eta bertan mantentzen da, batzuetan lan txikiak izan daitezke, bestetan, ordea monumentalak. Horregatik arkitekturarekin harremana duen arte korrontea da. Paisaia, eskultura eta arkitektura biltzen dituen korrontea, alegia.
Orokorrean, lanak kanpoan mantentzen dira, naturan, espazio irekietan. Natur higaduraren eta aldaketen ondorioz lan asko desagertu egiten dira eta hauen erregistro moduan argazkiak/film-ak bakarrik mantentzen dira.
Lehen lanak AEBetako mendebaldeko basamortuko paisaietan egin ziren, hirurogeiko hamarkadaren amaieran. Robert Smithson dugu korronte honen aitzindarietako bat, "Spiral Jetty" lanarekin 1970koa.
Artelan hauen helburuetako bat ikuslearengan emozio plastikoak sortzen da. Paisaia zentzu artistiko batekin eraldatzea bilatuko du ikusleari ahalik eta efektu eta sentsazio gehien sortarazteko.Gizakien eta Lurraren, ingurumenaren eta munduaren arteko harremana islatu nahi da, aldi berean mina adieraziz, gaur egun dagoen klimaren ingurumen-narriaduraren ondorioz. Garrantzitsuena giza artistaren eta ingurumenaren arteko interakzioa da.
Land Arteko artistak lurra eta ingurumena erabiltzen ditu bere lanetarako lehengai gisa. Teknika nagusia paisaian esku hartzea da, eta bertan egiten dituzten lanek ingurumenarekin modu zuzenagoan eragiten dute, paisaiaren zati bat aldatuz. Land Arteko artistek topografia zuzentzen dute, zangak, leizeak edo lerroak zulatzen dituzte; lur-mugimendu handiak egiten dituzte hondeamakinak edo beldar kamioiak erabiliz; arrapala handiak egiten dituzte edo eraikinak (Christo eta Jeanne-Claude) edo harkaitzak tapatzen dituzte. Behin eta berriz ibiltzen doaz bide bat markatzeko, edo harriak jartzen dituzte, edo algekin kiribilak egiten dituzte.