Latexa esne itxurako zukua da, hainbat landare edo onddo barrutik ateratzen dena, euphorbiaceaen eta moraceaen familietatik bereziki, hodi laktiferoetatik ibiltzen dena. Antzeko ezaugarriak dituen artifizialki lortutako produktuari latex deritzo.
Floemako zelula jariatzaileek ekoizten dute, eta %50 urez osatuta dago. Latex natural bakoitzaren konposizioa aldakorra da, orokorrean emultsio konplexu bat da, non proteinak, alkaloideak, almidoiak, azukreak, landare-olioak, taninoa, erretxina eta goma naturala aurkitzen diren. Latexaren kolorea, zuria (gehiena), horia, laranja edo eskarlataren artean alda daiteke.
Landare batzuen latexa pozoitsua da, beste batzuena oso garratza da, adibidez piku arruntarena eta esne zuhaitzarena gozoa da eta janari gisa erabiltzen da. Botanistek ez dakite zehatz-mehatz latexak landareetan betetzen duen papera. Zenbaitetan zauriak babesten ditu, eta horien gainean geruza babesgarria osatzen du. Hainbat espezieetan toxikoa da eta animalien aurkako defentsa gisa balio du.