Leasing


Leasinga (ingelesetik, leasing, «errentamendua») edo finantziazio errentamendua negozio juridiko bat da, zeinaren bitartez errentatzaileak, epe zehatz baterako eta modu atzeraezinean, hirugarren bati erositako ondasun erabilera lagatzen dion errentariari. Errentatzaileak gauza horren jabe izaten jarraitzen du.

Errentamendu hitzak erreferentzia egiten dio bi alderdien artean burutzen den kontratuari, zeinean, alderdietako batek beste alderdiari gauza, higigarri edo higiezin, baten erabilera eskualdatzen dio, diru kantitate baten truke. Finantzetakoa izateak kapitala trukatu egiten dela adierazten du.

Era horretan, beste alderdi horrek, errentariak, epekako interesak eta komisioa ere barneratzen duen errenta ordaindu beharko dio errentatzaileari, ezarritako epeak irauten duen bitartean. Epea igarota errentariak aukera izango du ondasuna itzultzeko, kontratua berritzeko errenta baxuago bategatik, edo objektuaren salerosketa gauzatzeko, gauzak duen salneurriari epeka ordaindutako kanona kenduz.

Hortaz, kontratuaren baldintzak beteta, errentariak ondasuna prezio baten truke eskuratzeko ahalmena izango du. Prezio edo kuota honi “hondakin” deritzo, izan ere, errentatzaileak ordaindutako jatorrizko prezioaren (baita interesen eta gastuen) eta  errentariak errentatzaileari ordaindutako kopuruaren arteko diferentziaren artean kalkulatzen da. Errentariak ondasuna eskuratzeko aukera hautatzen ez badu, errentatzaileari itzuli beharko dio ondasuna, salbu kontratua luzatzen bada.

Enpresentzat, finantziazio-errentamendua edo leasinga, finantzatzeko era edo modu berria da. Enpresak ondasun bat behar badu (kasu hauetan, makineria edo garraio- elementuak, batez ere) eta nahikoa finantziazio propioa ez badu, ondarea errentan har dezake, eta horretarako, finantziazio-errentamendu tresna erabili, hain zuzen.

Hitzarmen hau kontratu idatzi baten bidez zehazten da. Aldi berean, zerga-abantaila batzuk dauzka, besteak beste, salerosketaren BEZa ordaintzea (Leasing entitatearen kargura), eta Sozietateen gaineko Zergaren edo PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) zerga oinarria murriztea.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne