Lehia organismo edo espezieen arteko elkarrekintza bat da, biek mugatua den baliabide bat erabili behar dutenean (janaria, ura edo lurraldea) ematen dena. Lehiak murriztu egiten du inplikatutako bi parteen eraginkortasun biologikoa; izan ere, organismoren bat egoteak beti murriztuko du bestearentzat eskuragarri dagoen baliabidearen kopurua.
Komunitateen ekologiaren azterketan, espezie bateko kideen arteko lehia interakzio biologiko garrantzitsua da. Lehia da elkarri eragiten dioten eta komunitatearen egituran, espezieen aniztasunean eta populazioaren dinamikan eragina duten faktore biotiko eta abiotikoetako bat (populazio batean denboran zehar izandako aldaketak)[1].
Hiru lehia-mekanismo nagusi daude: interferentzia, ustiapena eta itxurazko lehia (zuzenenetik zehiarrera ordenatua). Interferentzia- eta ustiapen-lehiaren forma "erreal" gisa sailka daiteke, baina itxurazko lehia ez da hala, organismoek ez baitute baliabide bat partekatzen, harrapari bat partekatzen dute. Espezie bereko kideen arteko lehiari lehia intraespezifiko deritzo, eta espezie desberdinetako banakoen arteko lehiari, berriz, lehia interespezifiko.
Lehia-bazterketaren printzipioaren arabera, baliabideak eskuratzeko gaitasun gutxien duten espezieak egokitu edo hilko dira, nahiz eta lehia-bazterketa oso gutxitan gertatzen den ekosistema naturaletan. Eboluzioaren teoriaren arabera, espezieen eta baliabideen arteko lehia garrantzitsua da hautespen naturalean. Hala ere, ikertzaileek berriki iradoki dute ornodunen biodibertsitate ebolutiboa ez dela organismoen arteko lehiak bultzatu, baizik eta animalia horiek espazio bizigarri hutsak kolonizatzeko egokitu izanak; horri "noraezean ibiltzeko espazioaren" hipotesia deitzen zaio.