Leptoi | |
---|---|
Elkarreraginak | elkarrekintza nuklear ahul, elkarrekintza elektromagnetiko eta grabitazio |
Antipartikula | antileptoi |
Partikulen fisikan, leptoiak spin erdia duten eta elkarrekintza nuklear bortitza jasaten ez duten partikula elementalak dira, fermioi motakoak, hain zuzen ere.
Kargaren arabera, bi multzotan sailkatzen dira. Alde batetik, karga negatibodunak: elektroia, muoia eta tau partikula, elektroia izanik leptoi ezagunena. Bestetik, karga neutrodunak, neutrino izenez ezagutuak: elektroi-neutrinoa, muoi-neutrinoa eta tau-neutrinoa.
Aipatu bezala, guztira sei leptoi mota ditugu, zapore deritzenak. Karga negatibodun leptoi bakoitzak elkartutako neutrino bat du, eta, horrela, leptoien hiru “belaunaldi” edo “familia” sortzen dituzte. Lehen belaunaldikoak, leptoi elektroniko ere deiturikoak, elektroia (e-) eta elektroi-neutrinoa (νe) dira. Bigarren belaunaldikoak, alegia, leptoi muonikoak, muoia (μ-) eta muoi-neutrinoa (νμ) dira; eta hirugarrenekoak, leptoi tauonikoak direnak, tau partikula (τ−) eta tau neutrinoa (ντ) dira.
Leptoiek hainbat propietate intrintseko dituzte: karga elektrikoa, spina eta masa, adibidez. Quarkek eta leptoiek elkarrekintza ahula eta grabitatorioa jasaten dute, baina lehenengoak bakarrik dira elkarrekintza bortitza jasaten dutenak. Elkarrekintza elektromagnetikoaren eragina partikula guztiek jasaten dute, baina, berau kargaren proportzionala denez, neutrinoen kasuan nulua izango da, hauek karga neutroa baitute.