Letren Errepublika edo Errepublika Literarioa (Latinez respublica literaria)[1] Europa eta Amerikako intelektualen komunitate zabala izendatzeko erabiltzen den izena da. XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendean sortu zen, eta honakoa da komunitatearen ezaugarri nagusietako bat: eskuz idatzitako gutunen erabilera sistematikoa. Gutun horiei esker, kideen arteko distantzia geografiko luzeak gainditu ahal izan zituzten, eta, gerora, kideen arteko harremanak dokumentatzeko baliagarriak izan dira (batzuetan xehetasun handiz)[2]. Hasieran gutunetan nagusi zen hizkuntza latina zen, baina denborak aurrera egin ahala, frantsesak garrantzia hartu zuen.
Ilustrazio garaiko intelektualek euren arteko komunikazioa sustatzeko zuten interesaren ondorioz sortu zen taldea. Aurrez aipatu moduan, XVII. mendean sortu zen nazioen arteko mugak gainditzen zituen jakintsu eta literatur pertsonaien komunitate autoproklamatu gisa, zeinak hizkuntza eta kultura desberdintasunak errespetatzen baitzituen.[3] Ideia horietatik abiatuta, "errepublika metafisiko" baten oinarria osatu zuten. Garaiko gizarteak emakumeei ezarritako mugak zirela eta, letren errepublika oro har gizonek osatzen zuten. [erreferentzia behar]
Eskuz idatzitako gutunen zirkulazioa beharrezkoa zen helburu hori bete ahal izateko, intelektualei bide ematen baitzien elkarrengandik distantzia handietara komunikatzeko. Letren Errepublikako herritar guztiek gutun bidezko korrespondentzia izan zuten XVII. mendean, elkarrekin artikulu eta liburuxka inprimatuak trukatuz, eta beste kide batzuk errepublikan sartu behar zituztela uste zutenez gero, posta hedatzen zuten.[4]
Letren Errepublika kontzeptuaren lehen agerpena Francesco Barbaro humanista italiarrak Poggio Braccioliniri 1417ko uztailaren 6an bidalitako gutunekoa da.[5] Esamoldea gero eta gehiago erabiltzen hasi ziren XVI. eta XVII. mendeetan, eta, beraz, azken mende honen amaieran, zenbait aldizkako argitalpen garrantzitsuren izenburuetan ere agertzen da.[6] Gaur egun, ia aho batez onartzen da lehenengo aldiz Pierre Baylek itzuli zuela kontzeptua latinetik frantsesera Nouvelles de la République des Lettres izeneko bere egunerokoan, 1684. urtean. Hala ere, historialari batzuk ez datoz bat, eta, kontzeptuaren jatorria Platonen Errepublika lanean dagoela esan izan dute.[7] Jatorria zehazteko zailtasunak daude, izan ere, beste kasu batzuetan gertatzen ez den bezala, letren errepublika bere kideen buruan bakarrik zegoen.
Historialariek letren errepublikaren garrantzia eztabaidatu zuten, Ilustrazioan zer nolako eragina izan zuen argudiatze aldera. Historialari anglo-amerikar gehienek, eztabaidan edozein abiapuntu dutela ere, honako hau onartzen dute aho batez: letren errepublika eta Ilustrazioa gertaera oso ezberdinak izan ziren.[8]