| ||||
---|---|---|---|---|
![]() Kemiko elur-gaztelu argiztatua gauez. | ||||
Udalerria | Kemi, Lappi | |||
Herrialdea | ![]() | |||
Garaia | Urtero eraikitzen da 1996tik | |||
Helbidea | Torikatu 2, Sauvosaari | |||
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez) |
Lumilinna edo Elur-gaztelua elur eta izotzez bakarrik eginik dagoen munduko eraikin handiena da. Kemi finlandiar hirian dago, Botniako badiaren ertzean, eta Lainio elur-herrixkarekin batera, urtero eraikitzen den herrialdeko egitura bakarra da. Lumilinna hiriko erakunde nagusiek Kemi-Tornioko negu turismoa sustatzeko abian jarritako egitasmo baten eskutik iritsi zen 1995ean; eta adostutako akordio horri esker, aurreneko elur-gaztelua eraikitzen hasi ziren urtebete beranduago. Elur eta izotzezko egitura honek 13 km²-ko azalera zuen, baina gaur egungo elur-gazteluak, guztira, 20 km² dauzka. Izan ere, urtez urte arkitektura ere aldatu egiten da, hala ere, lekua bermatua duten hiru mugiezin ere badaude: Lumiravintola (Elur-jatetxea), Lumihotelli (Elur-hotela) eta Lumikappeli (Elur-kapera). Bestalde, inoiz eraiki diren elur-dorre garaiena eta harresi luzeena 2009an egin ziren eta 20 m-ko altuera eta 1.000 m-ko luzera izan zuten hurrenez hurren. Aipatzekoa da eraikinak urteko sei milioiko gastua duen arren, oso errentagarria dela Kemiko eta azpieskualde osoko eraikin bisitatuena delako; hala nola, iaz 104.000 lagun inguru izan zen bertan [1].
Lumilinna elurra lurzoruan finkatuta dagoenean eraikitzen hasten da, abendu aldean, eta eraikuntza-lanek hilabete irauten dute. Irekirik egoten den garaian, antzerkiak, izotz-arte erakusketak, dantza- eta opera-saioak, eta antzeko kultura ekitaldi ugari antolatzen dira. Baina, egitura mantentzeko -5 °C-ko tenperatura behar denez, udaberriaren lehen eguzki-printzak hasten direnean, apirilean, urtzea hasten da eta elur-gazteluak ateak isten ditu. Ordutegia oso zabala da, elur-gaztelua 10etatik 19tara irekita egon ohi da. Sarrera-prezioak, bestetik, 8€ helduentzat, 4€ 4-11 urte bitarteko umeentzat eta debaldekoa 0-3 urteko haurrentzat dira. Antolatzen diren ekitaldiez gain, umeentzako jolas-parkea eta ekintzak ere badaude [2].
Lehen esan bezala, diseinua urteko gaiaren arabera aldatu egiten da; esate baterako, 2006ko diseinu-gaia sua izan zen, 2007koa itsasoa, 2008koa turismoa, 2009koa diseinua, iazkoa nazionalismo erromantikoa eta egungoa, azkenik, komikigintza, hiriko Komikialdiaren (Kemin Sarjakuvakeskus) hamabosgarren urteurrena baita. Dena den, alegia, urtez urte arkitektura aldatzen den arren, oinarrizko ezaugarri batzuk betetzen ditu elur-gazteluak urtero; hiru solairuko egitura beti mantentzen da, izotza eta elurra dira erabiltzen diren elementu nagusiak eta lekua bermatua duten hiru mugiezin daude [3]: