Lur arraroko iman bat lur arraro bezala ezagutzen diren elementu kimikoen aleazioez sortutako iman sendo bat da. Iman arruntekin alderatuz, eremu magnetiko indartsuagoak dituzte eta etengabe magnetizatuta dauden materialez osatuak daude.
“Lur arraroa” izena erabili arren ez dira bereziki arraroak, izan ere, eztainua edo beruna bezain oparoak dira [1][2][3]. Hauen berezitasuna eremu magnetikoa da, normalean erabiltzen diren ferritazko imanak 0,5 eta 1 tesla bitarteko eremu magnetikoa dute; lur arrarokoek, berriz, 1,4 teslatik gorakoa izan dezakete.
Konposatu hauen interesa iman iraunkor gisa 1966an hasi zen Estatu Batuetako Aire Armadako Materialen Laborategiko K. J. Strnat eta G. Hoffer zientzialariek itrio eta kobaltozko YCo₅ aleazioa aurkitu zutenean, ezagutzen den edozein materialek baino anisotropia magnetiko handiagoa baitzuen [4]. Azkenean 1970 eta 1980ko hamarkadetan garatu egin ziren, eta hortik aurrera haien erabilpena asko handitu da dituzten propietateei esker.
Munduko ekoizle nagusia Txina da [5], baina lur arraroetako materialak Myanmartik inportatzen dituzte. Hainbat herrialdek elementu hauen garrantzia estrategikoa azpimarratzen dute, eta lur arraroak erabiltzen ez dituzten beste alternatibak bilatzen ari dira Txinako esportazio murrizketak direla eta [6].