Denboraren eskala geologikoak, nazioarteko konbentzio bidez ezartzen denak[3], Lurraren hasieratik gaur egun arte egon diren denbora-tarte luzeak erakusten ditu, eta bere zatiketak Lurraren historiako gertaera garrantzitsuak markatzen ditu. Lurra orain dela 4.540 milioi urte sortu zen, gutxi gorabehera Unibertsoaren adinaren herena, nebulosa baten akrezioz[4][5][6]. Sumendietako gasen isurketak lehenengo atmosfera eta ondoren ozeanoak, baina hasierako atmosferak ez zuen oxigenoa. Lurraren zati handi bat urtuta zegoen, meteoritoen kolisioak oso ohikoak zirelako; bulkanismo handiko garai bat izan zen. Lurra bere hasierako fasean egon zen bitartean Tea izeneko planeta baten tamainako gorputz erraldoiak Ilargia sortu zuen[7]. Denborarekin, Lurra hoztu zen, lurrazala sortuz eta ur gainazalera mugatuz.
Zalantzarik eskaintzen ez duten lehen forma bizidunak orain dela 3.500 milioi urtekoak dira[8][9], Eoarkearrean. Australian orain dela 3.480 milioi urteko estromatolitoak aurkitu dira[10]. Groenlandiako orain dela 3.7000 milioi urteko arroka metasedimentarioetan aurkitu den grafitoak jatorri biogenikoa du, biziaren beste ebidentzia bat[11], eta Australian orain dela 4.100 miloi urteko material biotikoa aurkitu da[12][13]. Fotosintesia egiten duten organismoak orain dela 3.200 eta 2.400 milioi urte artean agertu ziren, eta laster hasi ziren oxigenoa botatzen atmosferara. Bizia mikroskopikoa izan zen orain dela 580 milioi urtera arte; garai horretan organismo zelulaniztunak garatzen hasi ziren eta orain dela 541 milioi urte Kanbriarreko leherketa eman zen. Biziaren dibertsifikazio bat-bateko honek gaur egungo filum gehienak sortu zituen. Gertakari honek ematen dio hasiera Paleozoikoari. Estimazioen arabera Lurrean bizi diren espezie guztien % 99 desagertu da[14], 5.000 milioi inguru[15]. Gaur egun 10 eta 14 milioi espezie artean bizi direla uste da[16], horietatik 1,2 milioi dokumentatu ditu baina % 86 oraindik ez dira deskribatu[17]. Beste estimazio batzuk diote bilioi bat espezie daudela gaur egun, eta bakarrik % 1 deskribatu direla[18].