Lurrun-makina, energia mekanikoa lortzeko galdaren bidez berotutako uraren energia termikoa eraldatzen duen kanpo-errekuntzako motorra da. Ur lurrunaren erabilera duela 2.000 urte baino lehenago asmatu zen, nahiz eta azken 300 urtetan izan duen garapen nagusia energia eta mugimendua lortzeko. Hasieran, meatzetan ura ateratzeko sistematan[1] erabiltzen bazen ere, makina ugari sortzea ahalbidetu zuen aurrera-atzerako mugimendu zuzen-zirkularra bihurtzeko sistemak asmatu zirenean. Euskal Herrian ere, makina hauen adibideak aurki daitezke, hala nola Gasteizko Lascaray enpresan XX. mendearen erdialdera arte erabilitakoa[2] edo Makina Erremintaren Museoan aurki daitekeena[3].
Sistema hidraulikoen aldean, lurrun-makina edozein lekutan erabili daiteke, ez baitu ura mugimenduan egoterik eskatzen. Lurrun makina martxan jartzeko, ura eta ikatza edo zura nahikoak dira. Hori dela eta, funtsezkoa izan zen trenaren garapenerako.
Funtsean, makinaren lan-zikloa bi fasetan banatzen da:
Gaur egun elektrizitatea sortzeko erabiltzen diren lurrunezko makina modernoak ez dira deskribatutakoaren modukoak. Pistoiak eragindako desplazamendu positiboa erabiltzen duten makinak beharrean, turbomakinak erabiltzen dira. Lurrun-turbina ere esaten zaie, etengabeko lurrun-fluxu batek turbina bat zeharkatzen baitu, honen ardatza biratuaraziz. Esate baterako, zentral elektrikoetan erabiltzen dira munduko elektrizitatearen % 80 sortzeko. Energia nuklearrean, eguzki-energian zein erregai fosiletan oinarritutako zentral termikoetan aurki daitezke.