Mahai-tenisa edo ping-ponga banaka edo bikoteka jokatzen den kirol bat da, errektangularra den pista batean jokatzen da, sare batek bi zelai zeharka banaturik. Erraketa joko bat da, eta pilota zelai batetik bestera txandaka kolpekatu behar dute jokalariek, aurkariari tantoa egiteko helburuarekin. 1988az geroztik kirol olinpikoa da. Mundu osoan zehar parte-hartzaile gehien dituen kirola da, 40 milioi lagun lehiatzen baitira mundu osoan.[1][2][3]NASAk egindako ikerketa batek dioenez, gizakiak egin dezakeen kirol profesionalik zailena da.[4][5][6] Era berean, beste hainbat ikerketek frogatu dute kirol hau praktikatzen duten pertsonek, besteak beste, erreakzio ahalmena eta denbora, begi-esku koordinazioa, kontzentrazioa eta memoria hobetzen dituztela.[7][8][9][10]
Kirol hau mundu osoan arautzeko ardura duen erakundea Mahai Tenisaren Nazioarteko Federazioa da (ITTF, ingelesezko siglak). Nazioarteko federazio horretan bilduta daude estatu eremuko 200 erakunde eta 33 milioi federatu baino gehiago dituen maila guztietako lehiaketak, kluben arteko txapelketak eta munduko txapelketak; bai eta World Tour deritzona ere, ITTFk antolatutako torneo multzoa, kontinente guztietan jokatua eta eliteko kirolari hoberenak biltzen dituena.