Mali[1], izen ofiziala Maliko Errepublika[1] (frantsesez: République du Mali; banbareraz: Mali ka Fasojamana), Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, Aljeriaren hegoaldean dagoena. 1.240.192 kilometro koadroko eremua du, hots, Afrikako zazpigarren zabalena, eta 2009an 14.517.176 biztanle zituen.[2] Hiriburua Bamako da.
Herrialdea Sahara basamortuaren hegoaldetik Niger eta Senegal ibaietaraino hedatzen da eta biztanle gehienak hegoaldean bizi dira. Ekonomia nekazaritza eta arrantzan oinarritzen da. Natura baliabide garrantzitsuak baditu ere, hala nola gatza, urrea eta uranioa, munduko herrialde pobreenetakoa da eta populazioaren erdia eguneko 1´25 dolar baino gutxiagorekin bizi da[3]