Malware (ingelesezko malicious software [«programa kaltegarri»] hitzetatik eratorria) software mota bat da, edozein sistema informatikori nahita ekintza kaltegarriak egiten dizkiona.[1] Era askotako ekintzak egin ditzakete: informazio lapurreta, funtzionamendua kaltetzea edo datuen eskuragarritasuna blokeatzea, besteak beste. Horien arteko konbinazioa ere gerta daiteke; gainera, askotan, erabiltzaileari xantaia egiteko erabiltzen dira.[2] Malware mota asko dago; ohikoenak birusak eta harrak dira, baina zabalduta daude troiatarrak, spywareak eta ransonwareak ere.[3] 1990ean Yisrael Radaik malware terminoa asmatu aurretik, software kaltegarria birus informatikotzat hartzen zen, nahiz eta birusak malware mota bat izan.[4]