Maria Luisa Habsburgo-Lorena edo Austriakoa (Viena, Austria, 1791ko abenduaren 12a – Parma, Italia, 1847ko abenduaren 17a) Frantzisko I.a Austriakoa (edo Frantzisko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa) eta Maria Teresa Bi Sizilietakoaren alaba zen eta Frantziako enperatriza izan zen 1810etik 1814ra arte.
1810ean, Austriako enperadorearen alaba zaharrena Frantziako enperadorea eta Italiako erregea zen Napoleonekin ezkondu beharrean izan zen, horrela sinatu baitzuten bi potentziek 1809ko Wagrameko batailan izandako porrotaren ondoren sinatu zuten Schönbrunneko Itunean. Gogoz kontra ezkondu bazen ere, Maria Luisa berehala hasi zen posizio berriaz gozatzen, garbi bazuen ere, frantsesen gogokoa ez zela eta, 20 urte lehenago, Austriako artxidukesa zen Marie Antoinettek gilotinan bukatu zituela bereak.
Napoleonen porrota etorri zenean, Elbara deserriratu zuten eta Maria Luisak senarrarekin ez joatea erabaki zuen, bere semearekin batera, Vienara itzuli zelarik. Waterlooko behin betiko porrotaren ondoren, semearen interesen defentsan, Habsburgo-Lorena familiara hurbildu zen berriro eta Vienako Kongresuan, Parma, Piacenza eta Guastalla dukerriak lortu zituen. 24 urte besterik ez zituen.