Marine Le Pen (Neuilly-sur-Seine, 1968ko abuztuaren 5a - ) frantses politikari bat da, Front National eskuin muturreko alderdiaren burua. Jean-Marie Le Pen alderdiko presidentearen alaba, abokatua lanbidez, gaztetatik izan da Fronte Nazional alderdiko kidea. 2000ko hamarkadan hasi zen alderdiaren baitan postu nabarmenak hartzen. 2004 urtean Europako Parlamentuko diputatu aukeratua izan zen. Frantzian beste kargu politiko batzuetarako aukeratua ere izan da.
Adierazi izan da bere karrera politikoaren hasieran bere aita baino diskurtso samurragoa zuela, immigrazioaren inguruan, adibidez, baina oihartzun zabala izan duten polemika mediatiko zenbaitetan ere parte hartu du, hala nola, Frantziako kaleetan musulmanek egiten dituzten otoitz kolektiboen aurka, 'okupaziotzat' jo izan dituenak. 2017ko maiatzean, Emmanuel Macronekin lehiatu zen Frantziako presidentetzarako hauteskundean, baita hura galdu ere hautagai aurkariaren aurrean.
2021ean, Fronte Nazionalaren buruzagitza utzi zuen 2022ko hauteskunde presidentzialetarako hautagai izateko. Hauteskundeen lehen itzulian bigarren postua lortu zuen eta bigarren itzulian Emmanuel Macronen aurka lehiatu zen berriro. 2017an bezala, Emmanuel Macronek irabazi zuen, baina Le Penek botoen % 41,5 lortu zituen, aurreko hauteskundeetan baino 7 puntu gehiago.