Mario Cipollini (Lucca, 1967ko martxoak 22) italiar txirrindulari ohia da, esprinter gisa nabarmendu izan dena.
1989 eta 2005 artean iraun zuen bere kirol karreran 180 garaipen baino gehiago lortu zituen, hala, historia guztian, garaipen gehien dituen txirrindularietako bat delarik.
Bere garaipenik garrantzitsuenak Zolder hirian ospatu zen 2002ko Munduko Txirrindularitza txapelketa eta urte berean ospatu zen Milan-San Remo klasikoa izan ziren, jada 35 urte zituen txirrindulari batentzat lorpen handia izan zena. Gainera, etapa ugari ere irabazi du hiru Itzuli Handietan (Frantziako Tourra, Espainiako Vuelta eta Italiako Giroa), azken honetan 43 etapa garaipen lortuz.
Mario 2003an hasi zen gainbehera, une horretan, esprint masiboetan itzal egingo zion txirrindulari bat agertu zelarik: bere herrikidea zen Alessandro Petacchi.
Hala eta guztiz ere, 2005 arte jarraitu zuen profesional bezala, urte horretako apirilak 26an ustekabean erretiratu egiten zela iragarri zuen arte, Giroa hasteko hamar egun baino falta ez zirenean, non parte hartzeko asmoa zuen.
Cipollini idolo bat izan zen, baita pertsona eztabaidatsua ere, sarri bere profesionaltasun faltagatik kritikatua. 2003ko Espainiako Itzulian izan zuen igaroera bezalako jazoerak nabarmentzen dira, non soilik bere taldea gonbidatua izan zedin parte hartu zuen, lehen etaparen ondoren itzulia utziz antolakuntzaren harridurarako.
Cipolliniri buruzko beste bitxikeria bat, protagonista izateko zuen nahiarekin lotuta, Tourreko, eta, batez ere, Giroko sarrerako etapetan erlojupeko jantzi deigarriak erabiltzeko zuen zaletasuna da.
Mario Cipollini txirrindularitza profesionalera 2008an itzuli zen Rock Racing talde estatubatuarrarekin. Talde honekin eman zuen denbora laburra izan zen, urte horretako martxoak 17an talde uzten zuela, eta, bigarren aldiz, txirrindularitza profesionaletik erretiratzen zela iragarri baitzuen.