Maroko Handia kontzeptu irredentista bat da, Istiqlal Alderdia 1940ko hamarkadan erabiltzen hasi zena, frantziar kolonialismoaren aurka marokoar herriaren laguntza lortzeko propaganda baliabidetzat. Maroko Handi honen lurralde eremua justifikatzeko, Maroko gobernatu zuten dinastien (almohadeak eta mariniak, kasu) eta egungo Marokoren arteko jarraikortasuna aldarrikatzen dute. Hartara, lur hauek jo dira Maroko Handikotzat: Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania osoa, Aljeria mendebaldeko probintziak (Bechar eta Tinduf probintziak, tuatak bizi diren eskualdeez gain), Maliko ipar-mendebaldea, Afrika iparraldeko espainiar subiranotasuneko lurrak eta Kanariak.[1][2]