Martiodako erlikiak

Martiodako erlikiak
Jatorria
Sorrera-urteaXVII. mendea
Ezaugarriak
Materiala(k)hezurra eta oihala
Kokapena
LekuaMartioda
BildumaArabako Arte Ederretako Museoa

Martiodako erlikiak Arabako Martioda herrixkako erlikia multzoa dira. Martiodako San Joan Ebanjelariaren elizan gordeta egon ziren. Erlikia multzoaren jabeak Hurtado de Mendozatarrak zirela uste da. Leinu hau Austriatarren gortean nazioarteko diplomazian aritu zen, eta familiako batzuk Bruselan bizi izan ziren eta han zerbitzuak eman zituzten XVII. mendearen erdialdean, eta Martiodara itzultzean ekarri zituztela uste da. Hezurrak Alemaniatik etorri zirela uste da, baina dekoratutako piezak Flandrian egin ziren.

Hezur horiek Santa Urtsularen segizioko birjinenak eta Tebasko Legioko soldaduei esleitu zaizkie[1]. Bi hezurren datazioa egin ostean ondorioztatu da ikertutako bi horiek, bederen, III. mendekoak direla[2].

Erlikiak izateaz gain erlikia-ontziak dira. Erlikia batzuk XVII. mendearen lehenengo erdian egindako ehunekin apaindurik daude. Lore irudiak eta letrak itxuratzen dituzten metal preziatuzko hariekin brodaturiko oihal joriak dira. Beste batzuk, landare gaiekin apaindutako marko bitxietan txertatzen dira. Ikertzaileen arabera Martiodako bilduma munduko ugarienetako eta interesgarrienetako bat da[3]. 2021 urtean, zaharberritze lanak egin ondoren, Arabako Arte Ederretako museoan jarri ziren ikusgai.

  1. «Testuinguru historikoa» web.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  2. Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. «Martiodako erlikiak ikusgai» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  3. «Data jarri diete tebastarrei - Gasteiz» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne