Mary Anning | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lyme Regis, 1799ko maiatzaren 21a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | Lyme Regis, 1847ko martxoaren 12a (47 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | paleontologoa, trader of naturalia (en) eta fossil collector (en) |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Elizabeth Philpot (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Eliza kongregazionala anglikanismoa |
Mary Anning (Lyme Regis, Ingalaterra, 1799ko maiatzaren 21a – ib., 1847ko martxoaren 9a) XIX. mendearen lehen erdialdeko fosil jasotzailea, saltzailea eta paleontologoa izan zen. Fosilak aurkitzen eta garbitzen oso trebea zen; eta, gainera, bera bizi zen Lyme Regis herriko geruza geologikoak oso aberatsak zirenez Aro Jurasikoko itsas animalia fosilduetan, aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen. Haren lana garrantzi handikoa izan zen; XIX. mendearen hasieran gizakien historiaurrearen edo munduaren historiaren zientzietan gertatu ziren aldaketa oinarrizkoetako bat dela jotzen da zientzialarien artean.
Lan horien artean aipagarriak dira: argi identifikatutako lehen iktiosauroaren hezurdura (nebarekin batera 12 urte zituela aurkitua), aurkitutako lehen bi plesiosauroak, eta Alemaniatik kanpo aurkitutako lehen pterosauroa eta beste arrain fosil batzuk. Haren azterketek argi laga zuten belemnite fosilek tinta zaku fosilak zituztela, eta koprolitoak (orduan bezoar harriak izenarekin ezagunak) animalien gorotz fosilduak zirela.
Henry De la Beche geologoak Duria Antiquior marraztu zuenean Maryk aurkitutako fosil askotan oinarritu zen. Irudi horiek asko zabaldu ziren antzinako garai geologikoetako irudi gisa, eta Mary Anningi laguntzeko saldu zituen kopia asko.
Mary Anningek, emakume izateagatik eta bere gizarte mailarengatik (bere gurasoak behartsuak ziren, eta gainera ez ziren anglikanoak, eliza kongregazionalistako kideak baizik), ezin izan zuen garai hartako Britainia Handiko komunitate zientifikoan bete-betean parte hartu, gizon noble eta anglikanoez osatua baitzegoen talde hori; ondorioz, hainbatetan haren lana ez zen kontuan hartu. Britainia Handian, Europan eta Amerikan geologoen artean oso ezaguna izan arren, arazo ekonomikoak izan zituen bere bizitza osoan.
Hil ondoren, haren bizitzaren gorabeherek interesa piztu zuten, eta fikziozko eta ez-fikziozko lan askoren gai izan da XIX. mendetik gaur egun arte.