Matsuri (祭り/祭) Japoniako jaialdi edo festa tradizionalak dira, ia herri guztietan ospatzen direnak. Gehienak ospakizun erlijioso batekin lotuta daude, gehienetan shinto ospakizunak. Jaialdi hauetan jolastu, jan, edan edo bertako espezialitateak erosi daitezke txosnetan. Matsuri askok japoniarren bizitza mugarritzen dute urte osoan zehar, Euskal Herriko jaiek bezalatsu.
Batzuek hainbeste eboluzionatu dute, non ez duten zerikusirik beren jatorrizko jaialdiarekin, nahiz eta izen eta data berak izan. Badira, halaber, tokiko jaialdi anitz (adibidez, Tobata Gion yamagasa jaialdia), prefetura jakin batetik kanpo ezezagunak direnak.
Ekialdeko Asiako biztanle gehienek ez bezala, japoniarrek ez dute Ilargiaren Urte Berria ospatzen, XIX. mendearen amaieran urtarrilaren 1eko Urteberriak ordezkatu baitzuen. Hala ere, Japonian bizi diren txinatar askok, baita santutegi eta tenplu batzuek ere, arrazoi erlijiosoengatik, Ilargi Urteberria ospatzen jarraitzen dute Urtezahar egunarekin paraleloan. Yokohamako Chinatown auzoak, Japoniako auzo txinatar handienak, mundu osoko turistak erakartzen ditu ospakizunez gozatzera. Gauza bera gertatzen da Nagasakiko argiontzi festarekin, hiriko auzo txinatarrean ospatzen dena.