Mendi-lasterketa (ingelesez, trail running) zolatu gabeko edozein gainazal motatan eta desnibel handiko eremu natural maldatsuetan korrika egitea eta eskalatzea konbinatzen dituen bakarkako erresistentziako-kirol bat da.[1] Kirol modalitate hau behe-, erdi-, eta goi-mendietatik egiten da, eta ezarritako distantzia ahalik eta denbora laburrenean burutzea da helburu nagusia.[2] Errepidean eta atletismoko pistan jokatzen diren lasterketa probak ez bezala, mendi-lasterketak igoera eta jaitsiera handiko mendi-ibilbide naturaletan aurrera eramaten dira. Horregatik, eremu naturala, eta ibilbidearen desnibel zein distantzia, mendi-lasterketa baten oinarrizko ezaugarriak dira.
Kros lasterketetan, normalean distantzia motzak erabiltzen dira (gutxitan 12 kilometro baino gehiagokoak); aldiz, mendi-lasterketetan, distantzia maximoa ez dago aldez aurretik ezarrita, eta beraz, lasterketa luzeagoak izaten ohi dira. Distantzia oso luzeko mendi lasterketak, Ultra-Trail Running bezala ezagutzen dira ingelesez.
2008 eta 2018 urteen artean, antolatutako mendi-lasterketa kopurua handitu egin zen mundu osoan zehar, 160 izatetik 1800 baino gehiago izatera pasatu baitzen.[3] Mendi-lasterketetan lurraren kontra edukitzen den inpaktu maila txikiagoa eta ingurune naturaletan aritzea dira parte-hartzaileek dauzkaten bi arrazoi garrantzitsuenak mendi-lasterketak nahiago izateko.[4]