Mendi-ibilia oinez eta aire librean egiten den ibilaldi ez lehiakorra da. Jarduera honek baditu homologaturiko ibilbideak, nahiz eta bestelako ibilbideak ere erabiltzen diren, hala nola, bidezidor, landa-bide eta bestelakoak. Kirola eta turismoa elkartzen ditu eta normalean zailtasun txikia izaten du, nahiz eta bakoitzak aukeratu dezakeen bere mailara egokitzen den ibilbidea.[1]
Bigarren Mundu Gerra ondoren finkatu zen jarduera Frantzian, frantsesek sorturiko ibilbideen markaketa proiektu baten ondorioz. Gehienbat elkarteen esku zegoen jarduera izan da urte askoan, eta milaka kilometro egiteko aukera eman die bidaiariei, baina gaur egun, markarturiko ibilbide homologatu eta ez homologatuei esker, gizartearen gehiengoarentzat eskuragarria da bere sinpletasuna, arrisku eza eta kostu eskasa direla eta.
Trekking-a, mendizaletasuna edota txangoekin nahas daiteke baina badago modalitateen artean desberdintasuna. Modalitate guztiak ez lehiakorrak dira, nahiz eta azken urteetan zenbait txapelketa nabarmentzen hasi diren.
Galdutako antzinako ibilbideak berreskuratzeko erabili izan da, interes paisajistiko, historiko, etnografikoa sendotuz, desnibel eta zailtasun maila txikiarekin. Nahiz eta maila desberdinak aurkitzen diren haien artean, pertsona edo talde bakoitzak bere egoera fisikora eta denborara gehien egokitzen dena aukeratu dezake.