Historiaurreko aroak |
---|
Mesolitoa (antzinako grezieraz: mesos=erdia eta lithos=harria) Harri Aroko Paleolito eta Neolito aroen artean dagoen garaia da.
Duela 10.000-9.000 urte hasita, Mesolitoren garapena Europako basoei lotuta dauden ekonomia- eta gizarte-aldaketa ugarik markatu zuten. Klima berotzeak eraginda, hainbat natura-aldaketa gertatu ziren Europan: barazkijale migratzaile handiak, elur-oreina kasu, desagertu ziren... Hortaz, giza-taldeek ingurumenarekiko jokabidea aldatu zuten: Europako baso erraldoietara sartuta, kudeatzen hasi ziren. Neolitoren etorrerak, K.a. VIII. eta IV. milurtekoen artean, Mesolitoren amaiera ekarri zuen.
Kultura material mesolitikoaren ezaugarri nagusia Paleolitikoan baino berrikuntza eta aniztasun handiagoa da. Harrizko lanabesen forma berrien artean mikrolitoak egon ziren. Harri leundua izan zen Mesolitoko batzarretan gertatu zen beste berrikuntza bat.
Uztaia eta geziaren erabilpena ugaldu zen Europan zein Afrikan. Aurreko garaiaren aldean, harrizko ehiza-tresneriaren txikiagotzea areagotu zen: mikrolitoak, silexezko lanabes geometriko txikiak ekoiztu ziren: ertz zerratu bat sortzeko ardatz baten gainean muntatzeko harrizko lanabes txiki-txikiak.[1] Ugaztun txikien ehiza eta moluskuen (barraskiloak etab.) kontsumoa garatu zen. Arte-irudiak sinbolikoak eta ez-figurazkoak ziren gehienbat.