Metamorfosi (biologia)

Matxinsaltoa intsektu heterometaboloa da. Irudian 5 ninfa-estadioak eta heldua.

Metamorfosia animalia batzuen garapenean, enbrioi eta heldu-faseen bitartean, gertatzen diren aldaketa anatomikoen multzoa da. Animalia askok ez dute jaio berritan helduen itxura. Haien enbrioitik larba bat eratzen da, eta hau, zenbait fase igaro ondoren, animalia heldu bilakatzen da. Eraldaketa horiek nahiko epe laburrean gertatzen dira; horretarako animalia helduarenak diren ehun eta organoak eratu behar dira, eta larbarenak diren organo eta ehunak desegin. Aldaketa fisiologikoak eta ekologikoak ere (bizitzeko era) gertatzen dira epe horretan. Metamorfosiaren aldiak animalia hauetako larben ehunak aldarazten dituen hormona jakin batzuek ekarriak dira, nahiz eta tenperaturak, elikadurak eta gisa horretako beste faktore batzuek ere eragina duten.

Metamorfosia oso hedatua dago animalien erreinuan, ornogabeen artean batez ere (intsektuak, moluskuak, krustazeoak, knidarioak, ekinodermatuak...). Kordatuen artean tunikadunek, zefalokordadunek (anfioxo), ziklostomoek, anfibioek eta arrain hezurdun batzuek (aingirek adibidez) izaten dute metamorfosia.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne