Metrailadorea edo iskilu bizkorra tiro automatikoaren mekanismoari esker, denbora epe labur batean eta etengabe bala asko tirokatu ditzakeen su-arma da. Metrailadorea arma kolektiboa da; hau da, era ezin hobean erabiltzeko, soldadu bat baino gehiago behar da.
Metrailadorea XIX. mendean zehar joan zen garatzen. Lehenengo patenteetan (Gardner, Gatling edo Nordenfelt armak adibidez), tiroa biradera bati eskuz eraginda ateratzen zen; beraz, ez ziren arma automatikoak, zentzu osoan. Era berean, hasierako metrailadoreak kanoi ugarikoak izaten ziren, garaiko metalurgiak ezin zuelako hainbeste tiroen higadura eta beroa jasateko gai izango ziren kanoiak ekoitzi.
Benetako lehenengo metrailadorea Britainia Handian finkatutako Hiram Maxim mediku estatubatuarrak aurkeztu zuen, 1884ean. Maximen metrailadorea lehenengo kartutxoaren eztanda erabiltzen zuen armaren mekanismoa abian jartzeko. Kartutxoaren bolbora erretzean sortutako gasak bala kanoitik behera bultzatzen zuten alde batetik, eta alderantzizko zentzuan sortutako atzerakada armaren mekanismoa atzerantz bultzatzen zuen. Horrela sortutako mugimenduak erabilitako balaren zorroa kanporatzen zuen, eta, aldi berean, malguki bat konprimitzen zuen. Atzerakadaren energia agortu eta gero, malgukiak mekanismoa berriro aurrera bidaltzen zuen, mugimendu berri horrekin beste kartutxo bat errekamaran sartuz. Kolpekaria sakatuta izanez gero, berriro hazten zen tiroaren zikloa, eta zikloa amaigabea bihurtzen zen munizioa geratzen zen bitartean. Maximen arma automatikoa zen, zentzu osoan. Kanoi bakarrekoa zen, eta, haren funtzionamendu automatikoa martxan jartzeko, tiratzaileak egin behar zuen gauza bakarra zen kartutxo bat errekamaran sartu eta kolpekaria sakatu.
Tiro ugariek kanoian sortutako beroaren arazoa konpontzeko, armaren kanoia urez bete zitekeen zilindro baten barruan kokatu zuen. Hala ere, erabilera luzeen ondorioz, ur hori lurrun bihurtzeraino berotu zezakeen kanoiak.
Maximen asmakizunak laster lortu zuen militarren interesa erakartzea. XX. mende hasieran, gerra kolonialetan erabiltzen hasi ziren, batez ere, Britainia Handiko armadan. Gerrate kolonialetan, gizon zuriez osatutako gudarosteak beti izaten ziren bertakoak baino txikiagoak, eta, beraz, beren borrokarako gaitasuna biderkatuko zuen metrailadorea erabilgarri aurkitu zuten, oso. Europako herrien arteko gerra baten testuinguruan ordea, bere erabilera taktikoa ez zen hain garbi ikusten, nahiz eta Errusia-Japonia Gerran (1904-1905), Kubako Gerran (1898) edo Balkanetako Gerrateetan (1911-1912 eta 1912-1913), zer egiteko gai zen nahiko garbi azaldu. Lehen Mundu Gerra pizterako, Europako armada guztiak zeukaten metrailadore modelo bat, gutxienez, bere zerbitzura, nahiz eta zertarako eta nola erabiliko zuten teoria ezberdinen arabera antolatu; armada gehienek arma kopuru antzerakoa zeukaten beren unitateetan (6-8 inguru infanteriako erregimentu bakoitzeko).
Metrailadorea Lehen Mundu Gerran lortu zuen ospe handia, ordura arte infanteriak gerra egiteko zuen modua betirako aldatuz.