Mezularia edo postaria eskutitzak (gutun epistolarrak) "oinez" edo "zaldiz" eramateko lanbidea zuen pertsona zen. Garai batean bi edo hiru legoako tartearekin bideetan jarrita zeuden postak edo (postetxeak) erabiltzen zituen (batzuetan ez zen behar baina). Postetxeetan zaldi freskoak izaten ziren mezulariak edo beste bidaiari batzuek leku batetik bestera, herrialde desberdinen artean ere, erraztasun handiz joateko.[2][1]
« | Mezularien lanbidea posta zaldiz edo oinez eramatea da. Gutunak, agiriak, eskriturak, diruak eta holako gauzak eramaten dituzte soinean, printze, jaun, zaldun eta merkatarientzat. Bidaietan neke jasanezinak nozitu behar izaten dituzte, bidelapur eta ebasleen erasoen beldur; ibai, zubi hautsi, zorigaizto, ataka larri, izozte, elur-jasa, beroaldi eta beste hainbat eta hainbat ezbehar jasan behar izaten dituzte, askotan beren bidaiak ere galaraziz merkatarien kalterako eta ohar eta garrantzi handiko ebazpenen zain daudenen hondamendirako. | » |
Ofizioz bidalitako mezulariei (gidariek eta postilioiek bezala) debekatuta zegoen edozein arma eramateko baimena ematen zitzaien, eta ezin ziren bidegabekeriengatik atxilotu, ez zorragatik, ez delituagatik, non eta ez zen gorputz-zigorra merezi zuena.
Atxilotzekotan, herrian posta-administratzailerik ez bazegoen, justiziak atxilotuaren ordez beste mezulari bat izendatzen zuen, besterik gabe, eta errudunak epaile eskudunari bidaltzen zizkion lehen eginbideak bideratzen zituen hogeita lau orduko epean. Atxilotu egin zitezkeen, beraz, baina arrazoitutako susmoak izan behar zituen.