Michael Ondaatje (Zeilan, 1943ko irailaren 12a) kanadar eleberrigile eta poeta da.
1962an joan zen Kanadara, eta Torontoko eta Kingstoneko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1967-1970 bitartean, eskolak eman zituen Ontario Mendebaldeko Unibertsitatean, eta gero Torontoko York Unibertsitateko ingeles-sailean hasi zen lanean. Zineman eta antzerkian lan egin zuen, baina batez ere poesia- eta narratiba-lanek famatu zuten. Bere estiloak oso gutxi zor dio kanadar tradizioari, eta Wallace Stevensen eta egungo zinemagileen eragina du, batez ere Louis Malle, Alfred Hitchcock eta Sergio Leonerena. Lau poesia-liburu argitaratu ditu: The dainty monsters (1967, Munstro delikatuak), The man with seven toes (1969, Zazpi behatzetako gizona), Rat Jelly (1973) eta There´s a trick with a knife I´m learning to do: poems 1973-1978 (1979, Aiztoarekin egiten den amarru bat ikasten ari naiz: 1973-1978 poemak); bi ipuin liburu: Elimination dance (1980, Eliminazio-dantza) eta Tin Roof (1982, Teilatu mehea); eta bi eleberri: Coming Through Slaughter (1976, Sarraskia) eta Running in the Family (1982, Familia). Gainera, Leonard Cohen (1970) kritika liburua idatzi du, eta hiru antologia: The broken ark (1971, Hautsitako kutxa), Personal fictions (1977), eta The long poem anthology (1979). Bere poema gehienak Rat Jelly and other poems 1963-1978 (1980) liburuan daude bilduta. Hala ere, mundu-mailan ezaguna egin zen The English Patient" eleberriarekin, eta honekin Booker saria lortu zuen. Honen ondoren, Anil's Ghost (2000) idatzi zuen.