Michael Schumacher (Hürth, Ipar Renania-Westfalia, Alemania, 1969ko urtarrilaren 3a)1 Formulako gidari ohia da, Jordan, Benetton, Ferrari eta Mercedes taldeetan egon dena. Munduko txapelketen errekorra du (7 txapelketa), Lewis Hamiltonekin berdinduta, eta, 2012an erretiratu aurretik, irabazitako lasterketen (91), poleen (68), podioen (155) eta buelta azkarrenen (77) errekorrak zituen. Geroztik, Hamiltonek lehen hiru errekorrak hautsi ditu.[1]
Motor-lasterketetan karting-aren bidez hasi zen, eta Schumacherrek arrakasta lortu zuen behe-mailako auto-txapelketetan. 1991eko Belgikako Sari Nagusian egin zuen bere1 Formulako debuta, Bertrand Gachot gidariaren ordezkapen bezala, eta momentu hartan bertan Benetton taldeak urte osorako hartzea erabaki zuen. 1994an eta 1995ean bere lehen bi mundu txapelketak lortu zituen talde horrekin, eta 1996an Ferrarira joan zen. 1997an eta 1998an munduko txapelketa lortzeko aukerak azken lasterketan galdu zituen eta 1999an hanka puskatu zuen, frenoetan arazo baten ondorioz.
2000tik 2004ra txapelketa guztiak irabazi zituen, hainbat errekor hautsiz (haien artean, seigarren eta zazpigarren titulua, hortaz geroztik Hamiltonek bakarrik lortu duena). 2005ean hirugarren geratu zen eta 2006an, bigarren. Urte hartan kiroletik erretiratu zen, baina 2010an itzuli egin zen hiru urtez, Mercedes taldearekin. 2012z geroztik ez da itzuli.
Schumacher bere autoak kontrolatzeko eta auto kaskarrekin emaitza bikainak lortzeko gaitasunarengatik nabarmendu zen gehienbat. Bere kirol-entrenamenduak oso gogorrak ziren eta sasoi oso onean zegoen. Negoziatzeko gaitasuna zuen. Bere anaia (Ralf) eta biak dira1 Formulan lasterketak irabazi dituen anai-bikote bakarra, eta lau aldiz lehen eta bigarren postuetan amaitu zuten lasterketaren bat. Schumacherrek bi aldiz eduki izan ditu denboraldi bateko azken lasterketan istripuak, eta erabakigarriak izan dira biak titulua norentzako den erabakitzeko: 1994ko Australiako Sari Nagusian (Damon Hillen kontra) eta 1997ko Europako Sari Nagusian (Jacques Villeneuveren kontra) gertatu da. Lehen kasuan Schumacherrek lortu zuen munduko titulua, eta, bigarrenean, denboralditik kanporatua izan zen eta Villeneuvek lortu zuen titulua.
UNESCOren enbaxadorea izanik, Schumacherrek proiektu humanitarioetan parte hartu du eta diru-kantitate handiak eman dizkie karitatezko erakundeei. 2013ko abenduan, eskiatzen zebilela, istripu oso larria izan zuen eta garun-lesio bat eduki zuen. Ondorioz, hurrengo urteko ekainera arte koman egon zen, eta irailean familiak bere etxera eraman zuen osasun- eta errehabilitazio-tratamenduak bertan jasotzeko.